logo-alava
  • logo flickr
  • logo vimeo
  • logo YouTube
  • logo Facebook
  • logo Twitter

Araba Press

Araba Ekinean 2020ko Eskola Enpresen Azokak ekiteko bokazioa duten ikasleen 65 proiektu erakutsiko ditu

Andre Maria Zuriaren plazan jarri da, eta Araba Ekinean 2020ko jarduerak abiarazi ditu. Lurraldeko lanbide heziketako ikastetxe guztiek hartzen dute parte jarduera honetan, eta Ikasenpresa hezkuntza-programaren gailurra da.

Partekatu berria
Gasteizko Udaleko alkateorde eta Ekonomia Sustapenerako zinegotzi Maider Etxebarriak, Arabako Foru Aldundiko diputatu nagusiorde Pilar García de Salazarrek, BIC Arabako zuzendari David Monterok eta Vital Fundazioko zuzendari nagusi Axier Urrestik inauguratu dute gaur Araba Ekinean-en Eskola Enpresen Azokaren azken edizio hau. Lanbide Heziketako ikasle arabarrek Ikasenpresa programaren barruan ikasturte honetan garatu dituzten enpresa-proiektu berrien erakusleiho izatea da ekimenaren helburua.

Azoka Andre Maria Zuriaren plazan instalatutako karpa batean jarri da, eta Arabako LHko bost ikastetxetako ikasleek sortutako 65 proiektu eta negozio-idei berri aurkeztu dira: Gamarrako Ostalaritzako Eskola, Mendizabala, Egibide Arriaga, Egibide Nieves Cano eta Egibide Jesús Obrero.

Azoka 10:00etatik 13:00etara egongo da zabalik, eta interesa duen orok bisitatu ahalko ditu karpako erakustokiak, ekintzaile gazteen proposamenak ezagutu, baita merkaturatzen diren produktuak erosi ere. Produktu eta zerbitzuen eskaintza ugaria eta anitza da; esaterako euriaren kontrako sistema duten eserlekuak, pestizidarik gabeko hiri-baratze bertikaletako produktuen merkataritza elektronikoa, bizikletarekin lotutako hainbat proposamen, artisau produktuak -egurrezko jostailuak, xanpuak eta xaboi solidoa edo cooki-ak–, hainbat aukera gastronomiko, kontsumorako produktuak –eskularrua daramaten euritakoak edo “ingenio jolasak”–, eta garapen teknologikoarekin eta zerbitzuak ematearekin lotutako beste zenbait aukera.

Halaber, aurkezpenetarako gunea ere badago ikasleek bertaratuen aurrean proiektuaren salmenta publikoa egiterik izan dezaten. Antolatzaileek “enpresa” irabazlea aukeratuko du parte-hartzaileen artetik eta saria emango: hiriko escape room bateko saioa 6 pertsonarentzat. Horretaz gain, obra bat lankidetzan egiteko gune bat ere badago. Obra hori Araba Ekinean osatzen duten jardunaldietan zehar gauzatzen joango da, eta ekitaldi nagusian, Ekin Day, amaituko da, apirilaren 2an.

Izan ere, Ikasenpresa hezkuntza-programaren barruan, erdi eta goi mailako ikasleek enpresa bat sortzeko aukera dute, proiektua lantzeko prestakuntza eta tutoretza jasoz. Den-dena garatu behar dute ikasturtean zehar, logotipoetatik eta marketin planetik hasi eta estrategiaraino. Enpresaren mundua ikasgeletara hurbiltzea da helburua, ikasleek ekiteko duten ahalmena sustatuz. Metodologia guztiz praktikoa da, eta hezkuntza testuinguru berritzailea sorrarazten du. Enpresen Azokak garatutako lana erakusteko bide ematen die ikasleei, bai eta kontsumitzaileen aurrean ideia eta proiektuen egokitasuna probatzeko bide ere.

Enpresen Azoka izan da Araba Ekinean-en edizio honetako lehen jarduera. Urtarrilaren 20an aurkeztu zen eta “Zure ideiak balio du” lehiaketaren XVI. edizioari hasiera eman zitzaion, 9 kategoria hauekin: Ideiak (One4you agentziak babestua), Iraunkortasuna (Aclimak babestua), Merkataritza eta turismoa (Gasteiz Onek babestua), Nekazaritzako elikagaiak (Eroski babestua), Industria (Michelin Fundazioak babestua), Zerbitzuak (Ferrovialek babestua), Eraldaketa soziala (RPK-k babestua), proiektu berritzaileena (Metxak babestua) eta publikoaren sari berezia. Proiektuak aurkezteko epea martxoaren 13ra arte egongo da zabalik. Horretaz gain, Ekin Breakfast saioak antolatuko dira; ekintzailetzari buruzko topaketa tematikoak dira eta Arabako hainbat tokitan egiten dira joan den urtetik. web orrian gainerako jarduerei buruzko informazioa ere ageri da, hona hemen horietako batzuk: Ekin Day, “Zure ideiak balio du” lehiaketako finalisten aurkezpena; eta pertsona ekintzaileen eta finantzaketa-, aholkularitza- eta azelerazio-erakundeen arteko B2B topaketak.
Áreas: [EKONOMIA GARAPENA] [Lehen diputatu nagusiordea eta Ekonomia Garapenaren, Berrikuntza eta Demografia Erronka Saileko foru diputatua]