logo-alava
  • logo flickr
  • logo vimeo
  • logo YouTube
  • logo Facebook
  • logo Twitter

Araba Press

Abetxukon Elikaduraren Gizarte Topaketa berri bat egingo da, hurbileko nekazaritza ekoizpenarekin konprometitua


Ampliar

XIII. edizioak ekoizleen merkatua, baratze, hazi eta erleen inguruko lantegiak, dastaketak eta mota guztietako ikuskizunak izango ditu

Partekatu berria
Igande honetan bertan, Abetxukon berriro ere Elikaduraren Gizarte Topaketaren edizio bat egingo da. Topagune horrek 13garren urtea beteko du aurten, eta hainbat ekimen bilduko ditu, gizarte eta ingurumen arloetakoak eta hurbileko nekazaritza ekoizpena sustatzekoak. Arabako Foru Aldundiak, Vitoria-Gasteizko Udalak, Ingurumenari buruzko Ikastegiaren bitartez, eta Slow Food Arabak antolatzen dute.

“Jardunaldi hauek ezin konta ahala aukera ematen dute, eta helburu asko erdiesteko bidean dabiltza, baina uste dut beren jomuga handienetako bat dela herritarrei hurbil dauzkaten aukerez kontzientzia harraraztea”, adierazi du Eduardo Aguinaco Nekazaritza Saileko foru diputatuak, aurkezpen ekitaldian. “Garrantzitsua da kontzientziatzeko eta nekazaritza munduaren egunerokotasuna herritarrengana hurbiltzeko jardun horretan jarraitzea. Badaude eragozpen asko, gogoeta eta neurriak abian jartzea behar dutenak, eta horretarako abiapuntu egokia da Elikaduraren Gizarte Topaketa hau”.

Ana Oregi alkateordeak, bere aldetik, hau nabarmenarazi du: “Elikaduraren Gizarte Topaketak eskaintzen digu elikadurara bere jatorritik hurbiltzeko aukera, laguntzen du elikagai subiranotasuna bezalako kontzeptuak gure gizartean zabaltzen, eta geure landa ingurunea eta hura lantzen duten pertsonak ezagutzen. Jarduera horiek guztiak Nekazaritza eta Elikadurako Estrategiaren zati bat dira. Gasteizko udalaren proiektu bat da, zeinaren helburua baita kalitatezko elikagaien bertoko ekoizpen jasangarriaren eta haien kontsumoaren arteko lotura lortzea geure hirian”.

“Nazio Batuen Elikadura eta Nekazaritzarako Erakundeak (FAO) eta Nekazaritzaren Garapenerako Nazioarteko Funtsak (FIDA) Nazio Batuen Familia Nekazaritzarako Hamarkada aldarrikatu dute 2019. urte honetan. Araban hura ospatzeko modu ezin hobea dugu pertsonak eta sektorearekiko beren zuzeneko lotura giltzarri dituen egun hau”, azaldu dute Slow Food-ekoek. Nazioarteko antolakunde horrek aitortzen du agroekologiak lagundu dezakeela erantzun eraginkorra ematen klima aldaketari eta elikadura sistemek aurre egiten dieten desafioei. “Hala, Gasteizko hiri baratzeetatik ere ekarpena egin nahi dugu ingurunea errespetatzen duten nekazaritza jardunbideen erabileraz eta zabalkundeaz geure elikadura sistema eraldatzeko prozesuan”, gaineratu dute.

Topaketa honetan, antolakundeak ikuspuntu hau ezagutarazi nahi du, eta goiz batez merkatuaz, familia lantegiez, musikaz eta askozaz ere gehiagoz gozatu Abetxukora datozen pertsona guztiekin.
Áreas: [NEKAZARITZA] [Nekazaritza Saileko foru diputatua]