logo-alava
  • logo flickr
  • logo vimeo
  • logo YouTube
  • logo Facebook
  • logo Twitter

Araba Press

Gatz Haranaren ibilbide ekologikoaren amaierak Gesaltza Añanaren eta bere ingurunearen ingurumen-balioa eta erakargarri turistikoa aberastuko ditu


Ampliar

Behatoki irekiak gatzaga-multzoaren ikuspegi bikaina eskaintzen du. Bertan, datozen egunetan, Muera ibaiaren albotik eta lurruntze-larrainen azpitik igarotzen den 1.300 metroko pasealeku osoa zabalduko da jendearentzat
Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak jarritako 450.000 euroko inbertsio bidez finantzatutako ibilbidea, aurki, ingurumen-hezkuntzako ekipamenduen euskal sarean sartuko da
Ingurumen sailburu Iñaki Arriolak eta Arabako diputatu nagusi Ramiro Gonzalezek azpimarratu dute, ibilbide berriari esker, bisitariek Gatz Haranean esperientzia osatuagoa eta erakargarriagoa bizitzeko aukera izango dutela

Partekatu berria
Gesaltza Añana, 2019ko irailaren 9a. Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburu Iñaki Arriolak eta Añanako Gatz Harana Fundazioko lehendakari eta Arabako diputatu nagusi Ramiro Gonzalezek, gaur, gatzagen ingurumen-ibilbidea bisitatu dute. Ibilbide hori osorik jendearentzat zabaltzeko azken orduko lanak egitea baino ez da falta. Ibilbide horretan, gatzagen goialdean proiektuak eraiki duen behatokian gelditu dira Arriola eta Gonzalez. Bertatik, Gatz Haran osoaren ikuspegi bikaina dago eta hauxe bihur daiteke ibilbidearen gune nagusietako bat.

Ingurumen-ibilbideak, guztira, 1.300 metro ditu eta milaka urtez etengabe ustiatu den Arabako leku honen aberastasun ekologikoa eta biodibertsitatearena erakusten die bisitariei. Bertatik, gatzaga-urak biltzeko sistemek eta esekitako lurruntze-larrainek osatutako paisaia bereziaren ikuspegi ezezagunak ikus daitezke. Horregatik, ibilbide ekologikoa amaituta, Arabako gune honen erakargarri turistikoa indartu eta osatuko da. Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak 450.000 eurorekin finantzatutako proiektu hau, aurki, ingurumen-hezkuntzako ekipamenduen euskal sarean sartuko da.

Ibilbidea larrainen artean ura banatzen duen gatz-iturburutik abiatzen da, ondoren, Muera ibaira jaisten da eta, hau gurutzatu ondoren, beste ertzetik jarraitzen du. Zati honetako zenbait tartetan, zurezko zutabeek eusten dituzten lurruntze-larrain berezien azpitik igarotzen da ibilbide hori. Orain arte zeudenekin alderatuta, ibilbide honek berrikuntza garrantzitsu bat dauka, Muera ibiaren ibilguaren albotik ibiltzeko aukera ematen baitu. Horri esker, haranaren historia bereziki erakusten duten jalkin geologiko diferenteak ikus daitezke; jalkin horiek ingurunea eta bere ingurumen-arloko ezaugarriak hobeto ulertzen laguntzen dute. Ibilbideak —zenbait lekutan ia ibaiaren gainean esekia—, gainera, uraz oso hurbiletik gozatzeko aukera ematen du, bi aldeetan aldapa handiak dituen pasealeku itxi bati esker.

Jaitsi ezazu prentsa oharra

Áreas: [INGURUMENA]