logo-alava
  • logo flickr
  • logo vimeo
  • logo YouTube
  • logo Facebook
  • logo Twitter

Araba Press

Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak bosgarren urtez egin dute bat mendekotasuna duten pertsonentzako arretarako lan-prestakuntza emateko

Partekatu berria
Vitoria-Gasteiz, 2019ko apirilaren 15a. Gizarte Zerbitzuen foru diputatu Marian Olabarrietak eta Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosak Udalaren eta Aldundiaren arteko lankidetza-hitzarmen bat aurkeztu dute gaur goizean, zeinaren helburua baita mendekotasuna duten pertsonei etxean gizarte eta osasun arreta emateko profesionaltasun-ziurtagiria lortzeko bi prestakuntza unitate eskaintzea. Bosgarren urtez arituko dira bi erakundeak elkarlanean prestakuntza programa horiek antolatzen. Abian jarri zirenetik, 135 leku eskaini dira, horien erdia sektorean lan egiten ari zirela aldundiak berak hautatutako pertsonei. Ikasturte honetan beste 30 leku eskainiko dira.

Bi prestakuntza programa egingo dira aurten, biak formatu berekoak. Bata goizez emango da, eta bestea arratsaldez, interesdunei ahalik eta gehien erraztu ahal izateko. Pertsonei etxeetan gizarte eta osasun arreta eskaintzeko kualifikazio homologatu eta akreditatua lortzea ahalbidetzen du prestakuntzak. Hainbat gai lantzen dira moduluetan: elikagaiak ematea, tratamenduak, errehabilitazio psikosoziala, eta mendekotasuna duten pertsonei eguneroko zereginak egiten laguntzea.

Profesionaltasun-ziurtagiria lortzeko 480 ordu teoriko eta 120 ordu praktiko egin behar dira. Prestakuntza programen kostua 70.000 euro ingurukoa da, eta Udalak eta Arabako Foru Aldundiak bakoitzak % 50ean finantzatzen dituzte. Udala arduratuko da prestakuntza espezializatua ematen duen enpresa kontratatzeaz, zeinak Lanbideren akreditazioa beharko baitu.
Áreas: [Diputada foral de Servicios Sociales]