logo-alava
  • logo flickr
  • logo vimeo
  • logo YouTube
  • logo Facebook
  • logo Twitter

Araba Press

Aldundiko erakunde misioak harremana sendotu du Airbusekin Frantzian


Ampliar

Foru ordezkariak Toulouse Bussiness School bisitatu dute eta Occitaniako Ganberarekin izan dira bilduta

Partekatu berria
Gasteiz, 2018ko abenduaren 4a. Arabako diputatu nagusia, Ramiro González, eta Ekonomia Garapenaren eta Lurralde Orekaren Saileko diputatua, Pilar García Salazar, erakunde misioan daude Frantzian eta gaur goizean herrialde horren hegoaldean dauden Airbus konpainiaren instalazioak bisitatu dituzte, enpresak abian dituen proiektuen berri izateko, harremanak sendotzeko eta Gasteizko aireportua eskaintzeko lehen mailako aireportu egitura behar duten etorkizuneko enpresa proiektuetarako.

Airbusek mundu osoan 180 kokaleku ditu eta zuzeneko 12.000 hornitzaile. Konpainiak hegazkinen eta helikopteroen azken muntaketa egiteko lineak ditu Asian, Europan eta Ameriketan, eta 2000. urtetik eskariak seikoiztea lortu du. Gaur foru ordezkariek bisitatu duten Blagnaceko lantegia hegazkin zibilen negozioaren egoitza nagusia da. Airbus taldeak 1.453 euroko irabaziak izan ditu urteko lehenengo bederatzi hilabeteetan, eta % 4ko hazkundea, 2017ko aldi berarekin alderatuta, emaitza operatiboaren hobekuntzari esker. Enpresaren fakturazioa % 6 hazi da mundu osoan, eta 40.421 milioi eurora iritsi, merkataritza hegazkinen ekoizpena nabarmen hazi baita (aurten 503; 2017ko urtarrila eta iraila bitartean, aldiz, 454). Are gehiago, merkataritza hegazkinen dibisioaren diru-sarrerak % 11 hazi dira eta 30.478 milioi eurora iritsi da.

“Airbus maila goreneko aeronautika konpainia da, munduko aireportu askotan egiten du lan eta Arabako zenbait enpresa ditu hornitzaile; horregatik, oso interesgarria izan da egun abian dituen proiektuen berri izatea eta etorkizunerako zein erronka duen jakitea, eta elkar ezagutzea aurrez aurre, etorkizuneko apustuetan Gasteizko aireportua lantokitzat hartzea baloratu dezaten”, azaldu du diputatu nagusiak, eta nabarmendu du gaur egun, penintsula iparraldean, ez dagoela Foronda baino azpiegitura hoberik eta pista luzeagoa duenik (3.500 metro).
Toulousen bulegoak dituen enpresaren arduradunek eskerrak eman dituzte proposamenagatik eta nabarmendu egin dute Araban enpresa aeronautikoak egiten ari diren lana; izan ere, hurbiletik jarraitzen ari dira eta, horregatik, beti hartzen dute kontuan gure lurraldea hornitzaile berriak behar dituztenean.

Toulouse Bussiness School

Bidaia Arabako Merkataritza Ganberak koordinatu du eta, beraz, bertako presidente Gregorio Rojok ere parte hartu du, eta horregatik, eguneko hitzorduen artean Okzitaniako Merkataritza Ganbarara egindako bisita izan dute, eta erakunde horrek berak Toulouse Bussiness Schoolera antolatutakoa, zeinetan Arabako ikasleak ere badiren.

Toulouse Busines School goi mailako ikasketa zentro publikoa da, 1903an Toulouseko Merkataritza Ganbarak sortua. 4.500 ikasle baino gehiago ditu eta mundu osoko 35.000 ikasle ohiz osatutako sarea. Nazioarteko 160 erakunderekin baino gehiagorekin izenpetu ditu hitzarmenak eta klaustroa doktoreek eta enpresa munduko profesionalek osatzen dute, eta bost ikerkuntza zentro ere baditu.

Hiru campus ditu: Toulouse, Bartzelona eta Casablanca, eta Parisen ordezkaritza du. Toulouse TBSk bi kokagune ditu: bata Compans-Cafarellin, hiriaren erdigunean, Master programetarako erabiltzen dena, eta bestea, Entioren, merkataritza eta teknologia barrutian, lizentziatura programetarako eta gaikuntza exekutiborako erabiltzen dena. Merkataritza Ganbararen menpe dagoen negozio zentroa denez gero, eskolaren eta enpresen arteko harremana oso ohikoa da eta, ondorioz, ikasleen laneratze tasa oso handia. Ikasketak amaitu eta sei hilabetera, TBSn diplomatutako ikasleen % 98k aurkitzen du lana. Gainera, akreditazio hirukoitza eskuratzen dute: EQUIS, AMBA eta AACSB, eta horri esker, Toulouse Business School munduko negozio eskola onenetako bat da. Etiketa horiek eskolaren bikaintasun akademikoa ziurtatzen dute, nazioarteko estandar benetan zorrotzak betetzen direlako.

“Hezkuntza eredu dual biziki interesgarria da, batez ere gurea bezalako lurralde batentzat; izan ere, era honetako ikasketen aldeko apustua oso handia da”, adierazi du Ramiro Gonzálezek, “ziur nago Toulousen egiten dituzten proposamen hauetako batzuk Arabara estrapolatu daitezkeela, lurraldea are lehiakorragoa izan dadin arlo horretan”.
Áreas: [EKONOMIA GARAPENA]