logo-alava
  • logo flickr
  • logo vimeo
  • logo YouTube
  • logo Facebook
  • logo Twitter

Araba Press

-

Partekatu berria
Gasteiz, 2018ko abenduaren 3a. Arabako Foru Aldundiaren Frantziako misio instituzionala Tarben dago dagoeneko. Ramiro González Arabako diputatu nagusia, Pilar García de Salazar diputatu nagusiorde eta Ekonomia Garapenaren eta Lurralde Orekaren saileko diputatua lagun zuela, Okzitaniako hiri horretako aireportuan izan da gaur goizean. Hain zuzen, aireportu hori Gasteizkoaren antzekoa da, industria jarduera handiko azpiegitura baita.

Tarbeko aerodromoa, besteak beste, Daher-Socata hegazkin arinen fabrika garrantzitsuaren egoitza da, bai eta Tarmac Aerosave ezagunak erabiltzen dituen aireontziak gordetzeko instalazioena ere. Baina, horrez gain, aireportu horretan dago Airbusen hangarra, eta han dago Clean Sky Europako proiektuko probetarako hegazkina. Hain zuzen, proiektu horretan Aernnovak hegazkin horren hegoak fabrikatu ditu eta Airbusi emateko ekitaldian egon ziren diputatu nagusia bera eta diputatu nagusiordea.

“Benetan pozgarria da Arabako enpresak aintzatetsiak izatea gure mugetatik kanpo, eta Tarben jabetu gara zenbait konpainia, oraingo honetan Aernnova, munduan erreferentziatzat jotzen direla, eta bermedun bazkidetzat hartzen direla, Europan abian jartzen den edozein proiektu garrantzitsutarako”, adierazi du foru agintari gorenak, zeinak lurraldearen ateak ireki baitizkie Clean Sky proiektuaren sustatzaileei, hemendik aurrerako ekimenetarako.

Europako ikerketa programarik handiena da Clean Sky, eta teknologia berritzailea eta abangoardiakoa garatzen du, aireontziek ekoitzitako CO2 isuriak, gas isuriak eta zarata maila murrizteko. Clean Sky programak laguntzen du Europako aeronautikaren arloko lankidetza, lidergo globala eta lehiakortasuna sendotzen, eta EBren Horizon 2020 programak finantzatzen du.

Clean Skyko antolakuntzak Aernnova aukeratu du proiektuaren bigarren fasean —Clean Sky 2— parte hartzeko eta, programa horren esparruan, BLADE proiektuan (“Breakthrough Laminar Aircraft Demonstrator in Europe”) parte hartu du, non kanpoko bi hego berri garatu beharko baitituzte, fluxu laminar naturalean, hegaldian probak egiteko, erakustearren marruskadura txikiagoa sortzen dutela eta, hortaz, erregai gutxiago kontsumitzen eta CO2 gutxiago isurtzen dela. Hori da Tarben garatzen ari diren proiektua. Aernnovak, Clean Sky BLADE proiektuan “core partner” denez gero, zenbait osagairen gaineko ardura izan du bere gain, bai eta kanpoko bi hegoren muntaketa eta integrazio osoarena ere.

Tarbeko aireportuaren ondoan Pyrène Aèro Pole enpresa parkea dago, non biltzen baita aeronautika sektoreko jardueraren zati handi bat, eta Alstom-en (Séméac) eta CAFen filiala den CFD-n (Bagnères-de-Bigorre) gauzatzen da trenbide ekipamenduaren ekoizpena.

Tarbeko Merkataritza Ganbera

Tarbeko Merkataritza Ganberara bisita egiteko astia ere izan dute foru ordezkariek, Gregorio Rojo Merkataritza Ganberaren lehendakaria lagun zutela, erakunde horrek baitauka misioa koordinatzeko ardura. François-Xavier Brunet Frantziako ganberaren lehendakariak adierazi duenez, Haute Pyrenées departamendua bilakaera izaten ari da; izan ere, tradizioz, industria jardueraren ardatz tresneria elektrikoa, trenbideak, industria militarra eta ehungintza izan dira eta, orain, aeronautikarantz eta elektronikarantz dibertsifikatzen saiatzen ari da. Eskualdeko industria jarduera Tarben biltzen da, bai eta Lourdes eta Bagnères-de-Bigorre inguruan ere, eta han dihardu ganberak, eskualdeko motor ekonomiko gisa ere bai. Hain zuzen, eskualde horretan 9.500 enpresa daude, eta zerbitzuak ematen dizkie hainbat arlotan: berrikuntza, nazioartekotzea, giza baliabideak, enplegua eta garapen jasangarria; oso atal interesgarriak Arabako industria sarerako ere.

Fichero adjunto

Áreas: [EKONOMIA GARAPENA]