logo-alava
  • logo flickr
  • logo vimeo
  • logo YouTube
  • logo Facebook
  • logo Twitter

Araba Press

Lurralde Oreka sailak ia 30 milioi euroko inbertsioak egingo ditu Lurraldean eta Vitoria-Gasteizen


Ampliar

Garapen Ekonomikoaren Sailak industriari ematen dion laguntza areagotuko du eta, horretarako, RIS3-EUSKADI estrategia zabaltzen laguntzeko jarduera gehiago gauzatuko ditu

Kultura eta sormen industrien babesa areagotuko da eta 200.000 euroko zuzkidura izango da abian jartzeko ardoari lotutako ekonomiaren alderdiak aztertu ostean beharrezkotzat jotzen diren jarduerak

Partekatu berria
Gasteiz, 2018ko azaroaren 19a. Diputatu nagusiorde eta Ekonomia Garapenaren eta Lurralde Orekaren Saileko diputatu Pilar García de Salazarrek Arabako Foru Aldundiaren 2019rako aurrekontuetan bere sailak izango dituen zuzkidura nabarmenetako batzuk xehakatu ditu gaur; hain zuzen ere, lurraldeko toki erakundeetan eta haien hiriburu Gasteizen inbertsioak egiteko bideratutako 29 milioi euro baino gehiagoko zuzkidura, zeina pizgarri izango baita Arabako ekonomiarentzat.

“Obra eta Zerbitzuen Foru Planak 16,1 milioi euro izango ditu ekitaldi honetan, eta gainera, 7.000.000 € esleitzen dira lehenago emandako obrei dagozkienak; obra txiki eta auzolanetarako jardunei dagokienez, guztira 3.668.890 euro bideratutako dira, eta partida bat 2.500.000 euroz hornitu da Gasteizen inbertsioak egiteko, ekitaldi honetan bezala”, adierazi du foru arduradunak; halaber, esan du partida bat sortu dela lankidetzan aritzeko Trebiñuko enklabeko udalekin, 150.000 eurokoa, foru aldundi honek eta Burgosko Probintziako Diputazioak sinatutako esparru hitzarmena aplikatuz.


“Aurreko ekitaldietan bezala, 2019ko aurrekontu proiektuaren xede nagusi eta lehentasunezkoa da lurralde oreka; hau da, arabarrek, nonahi bizi direla ere, bizi kalitate bera eduki dezatela, eta aurrekontuaren jardun gehienak taxututa daude lurraldeari begira, gure herrietako bizi kalitatea hobetzera” gogorarazi du García de Salazarrek, zeinak 263.500 euro izango baititu toki erakundeetan e-administrazioa ezartzen jarraitzeko, eta banda zabala 449 herrigunetara zabaltzeko lanak egiten bukatuko du, Eusko Jaurlaritzarekin batera, 440.000 euroko partida bati esker.

Suteak Itzaltzeko eta Salbamenduko Zerbitzuan ere berritasunak egongo dira, Espejoko SISEU berrituko baita. Obrak datorren abenduan bukatuko dira, eta zerbitzu eta espazio berriez hornituko da, eta haren instalazioak gaituko dira Gaubean dagoen Osakidetzako anbulantzia hartzeko. 2019ko ekitaldian, obrak bukatuko dira parkeko saneamenduak Espejoko kolektore nagusiari lotuta, eta hala, parkeko hobi septikoa kendu eta altzariz hornituko da, eta horretarako, 147.430 euroko partida bat aurreikusita dago.

Halaber, eta Eusko Jaurlaritzarekin akordio bat erdietsi eta gero, joan den 2014. urtetik erdiesteke egon baita, Laudioko PSISZko gunea zaharberrituko da, zeinetarako 1.730.000 euro inbertituko baitira 2019an, eta 2.440.000 euroko konpromiso kreditu bat egongo da 2020. urterako. Une honetan, azpiegitura honetako obrak hasi ahal izateko, Laudion egin beharreko hirigintza aldaketak onesteko zain gaude. Bestalde, 2019. ekitaldian, suhiltzaileen EPErako deia egingo da, eta berrogeita hamar lanpostu inguru egongo dira jokoan; hala ere, kopuru hori zenbat izango den kaboen EPEa ebazten denean jakingo da. EPE hori egiteak ez du esan nahi erakundean plaza gehiago sortuko denik, ezpada finkatu egingo dela lan egonkortasun handiena izango duen eta bitarteko funtzionario gutxiago izango dituen suhiltzaileen erakundea mantentzeko sailak daukan asmoa.

Gainera, aurrekontu proiektuak berariaz jasotzen du 1.000.000 euroko partida bat, lurralde orekaren sustapenerako ekimenak areagotzera bideratua. Ekimen horietarik zenbaitek parte hartze arrakasta handia izan dute, hala nola argiteria publikoak eta kontzejuetako inbentarioak, eta badira zenbait erakunde kanpoan gelditu direnak, eta ez kreditua agortu delako, ezpada deialdiaren beraren oinarriak direla eta.

Lurralde Orekaren Zuzendaritzan berritasun horiek egongo dira, eta Ekonomia Garapenarenean ere beste batzuk egongo dira. Alde batetik, jarraitu egingo da ikus-entzunezkoen proiektuen garapen eta produkzioko eta gidoiak idazteko laguntzetarako 2018. urte honetan hasitako programarekin, zeinaren zuzkidura 250.000 eurora arte handitu baita. Xede berarekin, 2019ko aurrekontuak hainbat jardun jasotzen ditu, eta horrek erakusten du sailak kultura industria sortzaileen alde egiten duela. Esaterako, hitzarmena sinatuko da Apikarekin, babesa emango zaio lurraldean egitekoa den eta nazioarteko proiekzioa daukan animazio serie bati: 75.000 euro 2019an, eta 75.000 konpromiso kreditu gisa 2020an, eta hitzarmen bat CEIArekin Free to Play campuseko edizio berriak egiteko: 100.000, 2019an, eta 2020an konpromiso kreditu gisa.

Industriaren alde egiteko programa konpromisoarekin jarraituz, sailak berdin jarraituko du 2019an, RIS3-EUSKADI Estrategiaren eta haren espezializazio inteligenteko hiru lehentasunen zabalkundea egiten: Fabrikazio Aurreratua-4.0 Industria, biozientziak eta energia; azken horren kasuan, ahalegin nabarmena eskatzen duten jardunen bidez.

Esaterako, Fabrikazio Aurreratua-4.0 Industriari dagokionez, eta ETE-en artean zabaltzeko asmoz beharrezkoa dela 4.0 teknologiei heltzea lehiakorragoak izateko, aurreikusi da berariazko jardunak egingo direla Merkataritza Ganberarekin, SEArekin eta Tecnaliarekin, hainbat hitzarmenen bidez. Biozientziei dagokienez, eta modu berean Tecnaliarekin hitzarmena egitearen bidez, 2019an eta 2020an jarraipena emango zaio Arabako Parke Teknologikoan Basque Pharmalabs 4.0 proiektua garatzen laguntzeari, zeina lehen mailako garapen farmazeutikoko unitatea baita. Halaber, EHUri laguntza emango zaio, eremu horretan jakintza sortzeko daukan gaitasuna areagotzeko. Ekintza horietarako, urtean 250.000 euroko esleipena bideratu da.

Bukatzeko, energiaren lehentasunari eta IKZ Energigunerekin dagoen hitzarmenari dagokionez, Aldundiak asmoa du zentro horren aldeko apustu irmoa egiteko, beharrezkoa baita hura sustatzea ekipamendu berriekin. Aurrekontuan 2019rako jasoriko zuzkidura 485.000 eurokoa da, eta 585.000 eurokoa 2020rako.

2019ko aurrekontuak, era berean, 200.000 euroko zuzkidura jasotzen du, ardoarekin loturiko ekonomiarekin zerikusia daukaten alderdiak aztertuta identifikatzen diren jardunei ekiteko. Azterlan hori egiten ari gara, Arabako Errioxa nazioarteko bikaintasun ingurune batean kokatzera bideratua dagoen jardun plan integratu, koordinatu eta adostu bat izateko, eta hori da foru gobernu honen beste apustuetariko bat.

LOGISTIKA

Lehendik ere badakigunez, gobernu talde honen apustu logistikoa, erronka estrategikoa, da Gasteiz inguruan garatzea nazioarteko lehen mailako nodo logistiko bat, Euskadiko gainerako azpiegitura garrantzitsuekin loturik, balioko duena bat egiteko iberiar penintsula eta kontinentea Pirinioen alde atlantikotik.

“Kapitulu honetan, aurrekontuan jasorik dauden jardun horiez gain nabarmendu behar dira Aldundia egiten ari den jardunak ikuspuntu bera izateko, beharrezkoa baita, arloaren inguruan, horri esker adostasun iraunkorrak erdietsiko baitira nola maila politikoan hala erakunde mailan, bideragarri egingo dutenak aipatutakoa bezalako nodo logistikoa erdiestea. Lan horren ondorio dira EAOren gobernuarekin lortutako aurrekontu akordioak Gasteizko aireportuaren potentzialtasunak garatzean aurrera egiteko; hain zuzen ere, operatibitate osoa lortzeko (24 H eta emandako zerbitzuen kalitatea), inbertsioak egiteko bidaiarien terminala modernizatzeko, edo azterlan bat egiteko zona franko bat egin nahian Europako beste aireportu batzuetan bezala”, erantsi du diputatu nagusiordeak. Hark esan duenez, Palma Mallorcakoa ere sartuko da bosgarren helmuga gisa 2019rako, Gasteizko aireportutik, Ryanair-ekin akordioa lortu ondoren.

Araba Garapen Agentzia

Bukatzeko, diputatuak nabarmendu du zein garrantzitsua den Araba Garapen Agentzia egiten ari den laguntza eta gainbegiraketa lana kuadrilletako ekonomia eta industria sustatzeko 2016ko eta 2017ko planetan, zeinen ekintzak 2018ko zati handi batean ere egin baitira. Laguntza horiek aurrekontu proiektuan ere jasotzen dira 400.000 euroko zenbatekoaz, eta kuadrillek eta zenbait udalek (Laudio, Amurrio, Argantzon eta Trebiñuko Konderria) jardunak egiteko bideratu dira.
Áreas: [EKONOMIA GARAPENA] [LURRALDE OREKA]