logo-alava
  • logo flickr
  • logo vimeo
  • logo YouTube
  • logo Facebook
  • logo Twitter

Araba Press

Villanañeko kolektoreko lanak otsailean amaituko dira, eta hango isuriak Gaubeako araztegian tratatzea ahalbidetuko dute


Ampliar

Esku hartze horri esker, Omecillo ibaiaren egoera ekologikoa hobetuko da; hain zuzen, ibai hori naturagune babestua da, eta Arabako Natura 2000 Sarearen barruan dago
Agintaldi honetan, Aldundiak guztira 26 isurketagune zuzenduko ditu (haietako 18 Gaubean), eta behar bezala araztu gabeko urak Arabako ibaietara isurtzeari utziko zaio

Partekatu berria
Villanañe, 2018ko azaroaren 12a. Villanañeko isuriak Gaubeako HUArekin (Espejo) lotzeko lanak amaitzear daude. Horixe baieztatu du Josean Galera Ingurumen eta Hirigintza Saileko diputatuak, gaur goizean Arabako herri horretara joan baita, lanen egoera bertatik bertara ikusteko. 1,2 milioi euroko inbertsioa egin da azpiegitura berrian, zeina 4,8 kilometro luze baita, eta zerbitzua emango baitio ez soilik herriguneari, bai eta Angostoko kanpinari eta santutegiari ere eta, geroago, Uribarri Gaubeari ere bai.

Lan horien aurretik, kolektoreak eraiki ziren Gesaltza Añanarako eta Tuestarako; eta, lan horien ostean, beste esku hartze batzuk egingo dira eremu hartan: Uribarri Gaubeari zerbitzua emango dion kolektorea, Villamadermetik Espejorako kolektore berria eta SISEUa eta Espejoko inguruko etxebizitzak lotzeko kolektorea. Horiek horrela, Añanan arazketa sistema hobetzeko inbertsioa, guztira, 3,6 milioi eurotik gorakoa izan da. “Ahalegin ekonomiko eta tekniko handia dugu aurrean, zeinak ahalbidetuko baitu Omecillo ibaiko uraren kalitatea hobetzea”; izan ere, Galera diputatuak gogorarazi duenez, “Natura 2000 Sarearen zati eta Arabako 29 naturagune babestuetako bat da, eta han bizi dira lehentasunezko edo galzoriko hainbat espezie, hala nola haltzadiak eta lizardiak, sahastiak eta makaldi mediterraneoak, bai eta loina, ur-ipurtatsa, eurasiar igaraba, martin arrantzalea eta ur-zozoa ere”.

Jaitsi ezazu prentsa oharra

Áreas: [INGURUMENA]