logo-alava
  • logo flickr
  • logo vimeo
  • logo YouTube
  • logo Facebook
  • logo Twitter

Araba Press

Hiru foru aldundiak basogintza sektorearekin batera lanean ari dira pinuei eragiten dien gaixotasuna kontrolatzeko


Ampliar

Basogintzako Aholkularitza Lantalde bat, zeinean Eusko Jaurlaritzak ere parte hartzen baitu, 2017ko urriaz geroztik ari da, aldian-aldian, gaixotasunak aurrera ez egiteko alternatibei loturiko gai guztiak aztertzen

Partekatu berria
Vitoria-Gasteiz, 2018 irailak 13a. LArabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek hilabeteak daramatzate basogintza sektorearekin eta Eusko Jaurlaritzarekin batera lanean, zerrenda marroi deritzon gaixotasuna eragiten duen onddoa hiru lurraldeetako pinudietan izaten ari den hedapena kontrolatzen saiatzeko. Onddo hori gogor ari da espezie horren sailei eragiten, eta orain arte inoiz ikusi gabeko hedatze ahalmena dauka. Beraz, ezohiko egoera da, eta, horren aurrean, foru erakundeak lehen seinaleak atzeman zituztenetik ari dira lanean.

Egoera hain ohiz kanpokoa zela ikusita, Basogintzako Aholkularitza Lantaldea eratzeko beharra ikusi zen. 2017ko urrian sortu zuten, eta hainbat bilera egin ditu: 2017ko urrian bertan, eta aurtengo urtarrilean, apirilean, uztailean eta irailean (gaur bertan). Talde horren partaide dira, foru aldundiekin batera, Eusko Jaurlaritza, Neiker eta Baskegur ere (azken elkarte horrek baso masen jabeen eta egurraren eraldaketa sektorearen ordezkari dihardu). Talde horretan, gaixotasuna kontrolatzeari eta gaitzak aurrera ez egiteko alternatibei loturiko gai guztiak landu dira.

Hala ere, funtsezko bi arrazoik zailtzen dute gaixotasuna kontrolatzea: batetik, ez dago gaixotasuna sendatzea bermatzen duen tratamendurik; eta, bestetik, ez dago gaitzak kaltetu ez dituen zuhaitzak ez kutsatzeko prebentzio tratamendurik, eraginkorra izango dela bermatzen duenik eta Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak erabiltzeko nahitaezko baimena duenik.

Horren aurrean, hainbat arlotan ari dira lanean lurralde guztietan, baina batez ere bost jardun lerrotan: eragindako zonen monitorizazioa eta gaixotasunaren hedapenaren jarraipena; ikerketa eta esperimentazioa fungizidekin, horretarako bereziki ezarritako lurzati publikoetan; gaixotasunaren aurrean sendo iraun duten zuhaitzen pinaburuen bilketa, haiek ugaldu eta ugaritzeko; zerrenda marroiaren eraginik jasaten ez duten eta EAEko ingurunera ondo egokituko diren beste pinu espezie batzuen bilaketa; eta onddo hori sektorean eragiten ari den kalte ekonomikoak konpentsatzeko laguntza lerroen ezarpena.

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako aldundiek, sektorearekin lanean jarraitzeko konpromezua erakutsi nahi dute, gure lurraldeentzako ikuspegi ekonomikoan, sozial eta ingurugiroan hain garrantzitsua den sektorearen jasangarritasuna eta garapena ziurtatzeko, orain artean egin duten modura.

Hiru lurraldeetako egoera eta gauzatutako jardunak

Zehazki, Arabak agintaldi honetan hiru hilez behin bilerak egin ditu Baskegurrekin, zeinetan gaixotasunaren bilakaera aztertu eta gaitzari aurre egiteko aukerak planteatu baitira.

Arabako Basogintza Elkarteak ekainaren 9an Amurrion egindako biltzarrean, Arabako Foru Aldundiko Mendi Zerbitzuko teknikariek zerrenda marroiaren bilakaeraren nondik norakoen berri eman zieten basoen jabeei, eta mendian egindako azterketak eta laginketak azaldu zizkieten.

Etengabe izan da sektorearekin harremanetan, eta basozainen bidez argibideak eta aholkuak eman zaizkie basoen jabeei, kutsatzeko arriskua ahal den neurrian minimizatzeko eta gaitzaren aurrerapena geldiarazteko Laguntza Planean jasotako baso neurriei buruz (mehazketak, garbiketak…). Eta aldundiak sektorearekin lanean jarraitzen du, prebentzio neurriekin eta gaixotasunari aurre egiteko neurriekin aurrera egiteko asmoz.

Bestalde, Bizkaiko Foru Aldundiak kontingentzia ekintzak gauzatu ditu onddoak lurraldearen ekialdean sortutako lehen kalteen berri izan zuenetik bertatik. Aurtengo urtarrilean eta otsailean, lehenengo azterketa egin zen, gaixotasunak zenbateko azalera hartzen zuen jakiteko; uztailean beste azterketa bat egin zen, eta orduan zehaztu zen 16.000 hektarea zeudela kaltetuta.

Lan horien parez pare, analisiak egin dira Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Sailaren mendeko landare osasunaren laborategian, gaixotasun hori onddoen zein anduik eragiten duen zehazteko, eta Aldundiaren lursail batzuk prestatu dira haietan fungizidekin tratamendu probak egiteko, hartara ikus dadin ea produktu horiek erabiltzea bideragarria den ala ez zerrenda marroiaren aurka egiteko. Horrez gain, eritasunaren aurrean sendo iraun duten pinuetako pinaburuak bildu dira, ugaldu eta ugaritzeko, eta Neikerrera bidali dira, haietatik materiala lortzeko, gero material hori bai landare ugalketarako bai gaixotasunaren aurrean erresistente izango diren radiata pinu aleak lortzeko erabil dadin.

Ikerketa lan horiek egin diren aldi berean, neurriak ere hartu dira gaitz hori sektoreko profesionalei eragiten ari zaizkien kalte ekonomikoak arintzeko. Aldundiko Mendi Zerbitzuko teknikariek aholkuak eman dituzte, eta eragindako baso masak moztu eta deuseztatzeko baimenak izapidetu dituzte. Mozketa horietan, gaitzaren eraginari buruzko txostenak egin dira, jabeek aukera izan dezaten 25 urtetik beherako pinudiak mozteak eragindako galerak konpentsatzeko laguntzak eskuratzeko (izan ere, halakoak errotik moztu eta merkaturatzeko ohiko adinera iritsi aurretik moztu behar izan dira).

Alde horretatik, Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Sailak laguntzei buruzko dekretu bat ezarri zuen. Laguntzak eskatzeko epea bukatu da dagoeneko, eta guztira 1,4 milioi euroko zenbatekoa ezarri zuen ordainetarako. Une honetan, era horretako beste dekretu bat egiten ari dira, eta han jasoko da, 25 urtetik beherako pinu kaltetuak mozteko laguntzez gain, gaixotasun horrek kutsatutako zonak lehengoratzeko lerro bat.

Horrez guztiaz gain, aurten, bilerak egin dira kaltetutako zonetako biztanleekin, bai eta koordinazio bilerak ere foru aldundien eta sektorearen artean, Bizkaiko Basogintza Elkartea tartean zela, zeinari eman diren urrats guztiak jakinarazi baitzaizkio uneoro.

Bilera horietan, gaixotasun horren aurrean gogorrenak diren zuhaitz espezieen berri eman da. Lan ildo horri jarraituz, gainera, Bizkaiko Foru Aldundiak hitzarmena izenpetu du Frantziako Agronomia Ikerketarako Erakundearekin (INRA), erakunde horrek gure lurraldera ekar dezan Kriptomeria japoniar deritzon pinu espeziearen zenbait barietateren klonen bildumako material genetikoa; izan ere, espezie horrek erakutsi du gaixotasunaren aurrean erresistentea dela eta ondo egokitzen dela Bizkaiko baldintzetara. Hortaz, orain arte landatutako espezieen alternatiba izan liteke. INRAk lagatako aleak Aldundiaren titulartasuneko zenbait lurzatitan landatuko dira datorren neguan.

Gipuzkoari dagokionez, Foru Aldundiak agintaldiaren hasieratik (lurralde horri eraso zion lehenengo gaixotasunak) lanean dihardu zenbait neurri prestatzen; besteak beste, honako hauek: pinu helduak moztea eta basoberritzeko laguntzak ezartzea, gaixotasunak kaltetutako pinuak moztea eta pinu gehiago landatzeko laguntzak, gaixotasunaren kontrako tratamendua ezartzeko laguntzak, airetiko tratamenduak egitea pinu beldarrari aurrea hartzeko eta, hartara, pinuak gogor mantentzeko, ahulduz gero zaurgarriago izango bailirateke zerrenda marroiaren aurrean…

Neurri horiei esker, zeinak gauzatzeko nabarmen handitu baita basoen jabeentzako laguntzen deialdietarako aurrekontua, landare berriak landatzea bultzatu da, baina horrekin ez da lortu gaitzaren aurrerapena gelditzerik. Hori dela eta, Gipuzkoako Foru Aldundiak batez ere bi norabidetan jarraituko du lanean: gaixotasunaren aurrean erresistenteak diren espezieak landatu daitezen sustatuko du, eta gaitzaren aurkako neurriak aztertuko ditu, gaixotasunaren aurka ezartzeko. Kasu batzuetan, pinuak ihartu dira eta aukera bakarra berriz landatzea da; halakoetan, Gipuzkoako Foru Aldundiak laguntzak emango ditu alea errotik mozteko eta beste espezie batzuk landatzeko. Aitzitik, oraindik garaiz dabiltzan pinudietan, gaixotasunari aurre egiteko eraginkorrak direla erakutsiko duten neurriak ezarriko dira; esate baterako, beste leku batzuetan egiten diren tratamenduak egingo dira, betiere legeak horretarako baimena ematen badu.

Prentsa Oharra

Áreas: [NEKAZARITZA]