logo-alava
  • logo flickr
  • logo vimeo
  • logo YouTube
  • logo Facebook
  • logo Twitter

Araba Press

Logistika, merkataritza sinergiak bilatzea eta enoturismoa dira Arabako erakundeek Europara egingo duten bigarren bidaiaren ardatzak


Ampliar

2018ko apirilaren 08a

  • Arabako ordezkaritzaren buru Ramiro González doa, eta Bergamon, Milanen eta Veronan egingo ditu geldialdiak, enoturismoan eta mahastizaintza nahiz ardogintzan hobekien kokatuta dauden upategiei ikustaldia egingo die, Arabako Errioxako upategiei laguntzen dielarik nazioarteko esperientziak ezagutzen.
  • Erakunde misioak, halaber, italiar merkataritza ganberekiko eta Arabarekin harremanak dituzten enpresekiko elkarlan politikak sustatuko ditu, eta Araba ezagutaraziko du turismo helburu gisa, Forondako konexioa baliatuz.

  • Partekatu berria
    Arabar erakundeen ordezkaritza bat, Ramiro González Arabako diputatu nagusia duela buru, berriz ere bidaiatuko da Europara, Arabako lurraldea sustatzearren. Enoturismoa, logistika eta merkataritza sinergiak bilatzea dira Arabako erakundeek Europara egingo duten bigarren bidaiaren ardatzak. Gaur bertan bidaiatuko da Bergamora Forondako aireportutik, eta Milanen eta Veronan egingo ditu geldialdiak. Datorren ostegunera arte, erakunde ordezkarien helburu nagusia izango da Araba turismo eta ekonomia helburu gisa kokatzea, Arabako aireportuan berriki ezarritako Italiarekiko aireko konexioa baliatuz.

    Arabako Foru Aldundiak sustatutako bidaia honetan, Ramiro González diputatu nagusia, Pilar García de Salazar Ekonomia Garapenaren eta Lurralde Orekaren Saileko foru diputatua, Merkataritza Ganberaren ordezkariak – Gregorio Rojo presidentea buru dutela–, Nerea Melgosa Gasteizko Udaleko Enplegu eta Garapen Jasangarri eta Turismo arloko zinegotzia eta Isabel Muela Eusko Jaurlaritzako turismo eta Merkataritzako sailburuordea abiatu dira elkarrekin.

    Erakunde ordezkarien bidaia hau enpresa nahiz turismo arloko agenda batekin doa, eta, besteak beste, Veronarekin harreman sendoagoak izatea du helburu, 2016an “Great Wine Capital” izendatu baitzuten; baita ere Milan eta Lonbardiarekin, turismo helburuen kudeaketan erreferentea baitira Italian, eta Arabako hainbat enpresaren egoitza ere bai; eta Bergamorekin ere bai, Forondarekin aireko lotura duen aireportua izaki, eta aldaketa handia izan jasan baitu Ryanair aireko linea han kokatu zenetik.

    Enoturismoa eta mahastizaintzako eta ardogintzako produkzioa
    Arabako ordezkaritzak Arabako Errioxa turismo destino gisa ezagutzera emateko baliatuko du aukera, eta Italiako upategi ospetsuenetara hurbiltzeko, enoturismoaren eta produkzioaren aldetik nazioartean ospe handiena izan duten esperientziak ezagutzeko asmoz.

    Izan ere, 2016tik, Verona “Great Wine Capital” deritzen hiriburuen sareko kidea da, eta upategi oso ezagunak ditu, hala nola Mosnel edo Berlucchi. Bidaiaren une horretan, Arabako Errioxako hamahiru ordezkaritzak egingo dute bat erakunde ordezkaritzarekin, eta esperientzien berri emango diete elkarri haiek eta Italiako upategiek.

    Agenda ekonomikoa
    Arabako erakunde ordezkariek topaketak egingo dituzte, halaber, italiar merkataritza ganberekin, eta harremanak sendotzeko eta politika bateratuak sustatzeko baliatuko dute aukera. Era berean, Vidralaren eta Tubacexen lantegiak bisitatuko dituzte, bai eta Giovanni Bozzeto produktu kimikoen enpresa ere, zeina erreferentea baita nazioartekotzean eta dibertsifikazioan.
    Bestalde, DHL enpresaren operatiba ere ezagutuko dute, Bergamoko aireportuan, zeina, laugarrena izanik Italian, kokaleku estrategikoa bihurtu baita Lonbardiako eskualde osorako. Izan ere, han kokatu delarik Ryanair kostu apaleko aireko linea, aukera izan dute beren aire garraioko eredua berregituratzeko eta lehiakortasuna hobetzeko, bai maila logistikoan, bai bidaiarienean. Bidaiari kopuruaren gehitzea hainbestekoa izan da non Bergamoko aireportuak handitu egin behar izan baititu bere instalazioak, 30.000 metro koadrotik 65.000 metro koadrora.

    Araba, turismo helmuga
    Erakunde bidaiak turismo agenda esanguratsua du. Hala, bada, besteak beste, nabarmentzekoa da “Lombardia in Explora" entitatearekiko bilera, zeina erreferentea baita eskualde osorako turismo helmugak sustatzen eta kudeatzen. Bestalde, nabarmentzekoa da “Visit Bergamo” agentzia, zeina liderra baita agente publiko eta pribatuekiko turismo proiektuak koordinatzen, haien lan ildoak direlarik turismo ahalmeneko guneak bilatzea eta turismo egitura berriak sustatzea.
    Áreas: [EKONOMIA GARAPENA] [TURISMOA]